DELITU INFORMATIKOAK



Garaiak aldatzen diren moduan aldatzen dira delituak burutzeko moduak ere. Teknologia berrietara egokitzeko gai gara, baita konektatzeko, lan egiteko eta ikasteko modu berrietara moldatzeko ere. Baina, adi, delinkuentzia informatikoa ere hor dago eta.

 

Garaiak aldatzen diren moduan aldatzen dira delituak burutzeko moduak ere. Interneten aroa iritsi zenean, delitu berriak iritsi ziren gure bizitzetara, ziberdelituak. Iritsi zirenetik, ordenamendu juridikoa saiatu da delitu horiek arautzen, eta, zenbait arauketa eta aldaketen ondoren, 2015ean prozesu horrek bere fruitua izan zuen. 2015eko Zigor Kodean delitu horiek "delitu informatikoak" izenburupean tipifikatu ziren.

 

2020 hau urte ahaztezina izango da, mundu mailako pandemia baten etorrerak gure eguneroko ohiturak eraldatzea bultzatu du. Birusaren ondorioz, enpresak, unibertsitateak, administrazio publikoak eta herritarrak errealitate berrietara egokitu behar izan dira, eta, kasu honetan, Internetaren eta telelanaren erabilera nabarmendu dira. Hainbat erakundek ohartarazi duten moduan, baliabide informatikoen erabilera masiboak nabarmen eragin du delitu informatikoen kopuruan, hauek areagotuz.

 

Baina, zein dira delitu informatiko ohikoenak? Horrelako zein delituren biktima izan gaitezke?

 

1.- FAKE NEWS-AK EDO ALBISTE FALTSUAK:

 

Fake news-ak ideiak edo gertaerak manipulatzeko sortzen eta zabaltzen den informazioa dela esan genezake. Albiste faltsu hauek Covid 19aren garaian ere hedatu dira.  Hauek zabaltzean, Estatuko Fiskaltza Nagusiaren Idazkaritza Teknikoak egindako txostenaren arabera, hainbat delitu egin litezke, honako hauek nabarmenduz: gorroto-delituak, sekretuak aurkitzearen eta ezagutaraztearen delituak, osotasun moralaren aurkako delituak, desordena publikoaren delituak edo irainak eta kalumniak.

 

2.- IRUZUR INFORMATIKOA EDO PHISHINGA:

 

Iruzur delitua, Zigor Kodearen 248.2 artikuluaren arabera, irabazi-asmoarekin eta antzeko manipulazio informatiko edo trikimailu batez baliatuz, beste baten kalterako ondare-aktibo bat baimenik gabe transferitzea lortzen duenak burutzen du.

 

Phishing-a da iruzur delitua egiteko modurik erabilienetako bat. Hainbat modalitateren bidez iruzurgileak biktimaren datuak lortzean datza. Modalitate mezu elektronikoak bidaltzea, programak ezartzea, web-orri ofizialen simulazioak egitea izan liteke. Era horretan, iruzurra egiten duen pertsonak biktimaren datu pertsonalak, fiskalak edo banku-datuak (besteak beste) eskatu edo lor ditzake.

 

3.- ZIBERJAZARPENA:

 

Ziberjazarpena baliabide telematikoak erabiliz egiten den jazarpenari deritzo. Ziberjazarpena beren nortasuna ezagutarazten duten pertsonek, pertsona anonimoek edo nortasuna ezkutatzen duten pertsonek egin dezakete. Ziberjazarpena hiru arlo nagusitan atzeman liteke, kasu bakoitza bakarra eta pertsonala dela ahaztu gabe.

 

Lehenik eta behin, helduen arteko ziberjazarpena, esparru pertsonalean zein lan-eremuan gerta daitekeena.

 

Bigarrenik, sexu-ziberjazarpena. Era honetako ziberjazarpena hainbat modutan egiten da: mehatxuzko mezuak bidaliz edo argazkiak, bideoak edo zurrumurruak argitaratuz, biktima online desohoratzeko. Jazarlea heldua bada eta biktima adingabea, grooming terminoa erabiliko dugu ekintza horri buruz hitz egiteko.

 

Eta, azkenik, ziberbullyinga. Ziberjazarpen mota hau adingabeen artean gertatzen da; jazartzailea heldua balitz, ziberjazarpen-mota beste mota batekoa izango litzateke. Kasu honetan, adingabeak sare sozialak, jokoak, aplikazioak, Internet edo telefonoa erabiltzen ditu bere biktima, hau ere adingabea, umiliatzeko, gutxiesteko edo mehatxatzeko. Nahiz eta horrelako delituak anonimotasunetik egiten diren, identitatea ezkutatu gabe ere egin daitezke.

 

4.- SEXTING-A:

 

 

Sexting delitua beste pertsona batzuei eduki sexuala duten argazkiak edo bideoak zabaltzen, ezagutarazten edo lagatzen dituenak burutzen du. Kontuan izanik, bideo eta argazki horiek kaltetuaren baimenaz eginak izan badira ere, horiek zabaltzeko baimenik ez duela eta dibulgazioak pertsona horren intimitate pertsonala larriki kaltetzen duela.