Trafiko-istripu bat nahikoa tragedia da, ez utzi zure eskubideak erreklamatu gabe.
Trafiko-istripu bat izan duen pertsona batek, istripua gertatu izanaren errurik izan gabe eta istripuak lesioak eragin badizkio, kalte-ordaina eskatu ahal izango die istripuaren errudun den autoaren gidariari eta haren aseguru-konpainiari, erantzule zibil subsidiario moduan.
Trafiko-istripu baten ondoren, eskubide asko dira defendatu beharrekoak, horregatik, kasua auzibidetik kanpoko bidean hasiko den arren, beti komeni da hasieratik trafiko-istripuen erreklamazioetan aditua den abokatu baten laguntza izatea.
Trafiko-istripu batengatik erreklamazio bat egiteko lehenengo gauza aseguru-etxeari parte ematea da. Kasu horretan, komeni da jasandako kalte fisikoak (txosten medikoak) eta istripuaren ondorioz sortu diren kalte materialak egiaztatzea. Aseguru-etxeak 30 eguneko epea izango du eskaintza arrazoitua eskaintzeko.
Aseguru-etxeak egindako eskaintza arrazoitua izateak ez du esan nahi gure eskubide eta interesetara egokitzen denik. Jasotako eskaintza ez bazaigu bidezkoa edo egokia iruditzen, ez onartzeko eskubidea dugu, eta era berean, egokitzat jotzen dugun kalte-ordaina erreklamatzeko eskubidea ere bai. Hau da, jasotako eskaintzarekin ados ez bagaude, aseguru-etxearekin negoziatu ahal izango da bide judizialera jo aurretik.
Aseguru-etxearekin negoziatzen saiatu ondoren, akordiorik lortuko ez balitz, bide judizialera jo behar litzateke. Kasu horretan, prozedura, demandatutako zenbatekoaren araberakoa izango da, epaiketa arruntaren edo hitzezko epaiketaren bidez izapidetuz. Gure interesak eta eskubideak defendatu ahal izateko, aurkeztuko den demandak auzibidera eramaten gaituzten egitateak jaso beharko ditu, bai eta jasandako kalte fisiko eta materialen frogak ere.
Azaldutako guztiagatik, funtsezkoa da trafiko-istripuetan adituak diren abokatuen ezagutza eta esperientzia izatea, eskubide eta interes asko baitaude jokoan.