"ATARIAN LAPURRETA EGITEA ETXE BARRUAN EGITEA BEZALA DA"

Atarian lapurreta egitea etxe barruan egitea bezala dela ezartzen du Gorenak

 

Indargabetu egiten du Bartzelonako Auzitegiaren sententzia bat, non ez baitzen aintzat hartu lapurreta bizileku batean gauzatzearen larrigarritasun espezifikorik.

 

Auzitegi Gorenak zehaztu du eraikinaren atarian egindako lapurreta bat, ondorio penalei dagokienez, etxebizitzaren barruan egindako lapurreta gisa tratatu behar litzatekeela. Magistratuek azpimarratu dutenez, bizilagunek pribatutasun eta segurtasun handiagoa espero dute beren atarietan espazio publikoan baino, eremu hori baita beren etxebizitzetarako sarrera.

 

Hala azaldu du epaitegiak azken du epaietako batean:  Fiskaltzak aurkeztutako kasazio-errekurtso bat baietsi du eta Bartzelonako Probintzia Auzitegiaren epai bat baliogabetu, lapurreta bizileku batean gauzatzearen larrigarritasun espezifikoa baloratu ez zuena.

 

Zigor-arloko epaitegiak azaldu duenez, "jabetza horizontalaren araubideko etxebizitza-bloke baten ataria etxebizitza beraren mendekotasun gisa hartu behar da, Zigor Kodearen 242.2 artikuluko ohiko ondorioetarako". Artikulu horretan ezartzen denez, lapurreta bat jendeari irekitako etxebizitza, eraikin edo lokal batean edo haren menpekotasunen batean egiten denean, hiru urte eta sei hilabetetik bost urte arteko kartzela-zigorra ezarriko da.

 

"Jendearen etxebizitza kokatzen den eraikineko ataria berez espazio esanguratsua dela zalantzarik ez dago, batez ere, bizitza pribatuaren alderdi batzuk garatzeko, eta, horregatik, titularrarentzat pribatutasun-itxaropen jakin batzuk sortzen dituela (...)", adierazi dute. Hori dela eta, haien ustez, espektatiba horiek urratzea da “dependentzietan egindako lapurreta larriagotzat jotzea ahalbidetzen duena".

 

Auzitegi Gorena horrela agertu da 2019ko maiatzean Bartzelonan gertatutako kasu zehatz baten aurrean. Sententziaren arabera, maiatzaren 1eko goizaldean, akusatua bere etxeko atarira sartzen ari zen auzokide bati hurbildu zitzaion. Ahaleginak egin arren, “ez zuen bere asmoa lortu”, andrea oihuka hasi eta azkenean ihes egin behar izan zuelako. Epaiak dioenez, hurrengo gauean -maiatzaren 2koan- hiriko beste kale batean, bere etxeko atarira sartzen ari zen beste bizilagun bati eraso zion, baina ez zuen arrakastarik izan.

 

Akusatuak hurrengo bi gauetan errepikatu zuen formula. Maiatzaren 3an, "beldurtuta" zegoen auzokide batek 100 euroko opari-txartela eta 24 euroko balioa zuten produktuak zituen poltsa bat ematea lortu zuen. Maiatzaren 4an, beste bi saiakeretan huts egin zuen, eta zibilez jantzitako polizia-agenteek atxilotu zuten, jarraipena egin ostean. Ebazpenaren arabera, atxilotzean akusatua ihes egiten saiatu zen eta atzeman zutenean agenteen aginte-printzipioaren eta osotasunaren aurka egiten saiatu zen.

 

Gertaera horiengatik, Bartzelonako 16. zenbakiko Zigor Auzitegiak hiru urte eta zortzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion akusatuari, larderiaz egindako lapurreta-delituagatik, berrerortzearen eta mozorro-erabileraren larrigarriarekin, eta mugatutako adimenaren aringarriarekin. Halaber, hiru urte eta lau hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten, larderiaz egindako lapurreta saiakeraren bi delitugatik. Zerrendari, bi hilabeteko kartzela-zigorraren aurkako erresistentzia-delituagatiko kondena ere gehitu zitzaion, bi hilabeteko komunitatearen aldeko lanekin edo isunarekin ordezkatu zena; eta lesio arinen delituagatiko zigorra, isunarekin ere.

 

Geroago, ordea, Bartzelonako Probintzia Auzitegiak partzialki onetsi zuen akusatuaren errekurtso bat, eta partzialki baliogabetu zuen ebazpena, besteak beste, ez baitzuen gertakaria etxebizitza batean gauzatzearen larrigarritasun zehatza baloratu. Fiskaltzak kasua Auzitegi Gorenera eraman zuen, berrikusteko.

 

Ministerio Publikoak defendatu duenez, "harrapari-ekintzak gertatu ziren atariak,  araudiari eta ondorio tipikoei dagokienez, etxebizitza beraren dependentzia gisa ulertu behar dira". Auzitegi Nagusiak harekin bat egin du eta ebazpen berri bat eman du; akusatua larderiazko lapurreta-delituagatik bi urte, hilabete eta 15 eguneko kartzela-zigorrera kondenatzen duena; eta 20 hilabeteko kartzela-zigorrera, larderiaz egindako bi lapurreta saiakeren delituengatik.

 

 

(Expansión Jurídico egunkarian oinarrituta)